tel:+34 944 00 41 45

Taze Blog-a

3de0b698-de4d-48ec-937d-0be2d50adb48

Zer espazio dute hizkuntza gutxituek mundu globalizatu batean edo nazioarteko ekosistema batean?

Euskaratik Mundura

Tazebaez Euskal Herrian sortu baina nazioartera irekitako kooperatiba bat izan da hasiera hasieratik. Euskararekin bizi dugun egoera ezaguturik, betiere goazen lekura goazela badugu bertako hizkuntzak errespetatzeko konpromezu edo egonezin natural hori. Hala ere, enpatia sentimentu horretatik haratago, ba al du zentzurik negozio bezala bertako hizkuntzetara hurbiltzeak?

Edozein hiritako alde zaharrak McDonalds, Focaccia eta Açaí Bowl-en kartelez betetako mundu globalizatu eta homogeneo honetan, gure ustez gero eta garrantzitsuagoa da tokian tokiko terminologia eta ñabardurak mantentzea. Bertako hizkuntzek edota kultura espezifiko bati zuzenki lotuak daudenek, bertako komunitate, kontextu eta kulturaren aingura lana egiten dute.

Gure lan arloari dagokionez, tokiko arazoak edo erronkak bertako hizkuntzan ulertu eta garatzeak testuinguru errealera askoz hobeto egokitutako irtenbideak lortzeko aukera ematen digu eta testuinguru horren aberastasuna ordainezina da.

Gaur egunean Tazebaezek euskaraz, valentzieraz, gaztelaniaz eta ingelesez egiten du lan. Garatzen ditugun proiektu asko berrikuntzakoak izanik, izan ziren termino anglosa-saxoietan modernoago sentitzen ginen garaiak. Esan genezake trantsizio momentu batean murgilduta gaudela. Konturatu gara gure bulego desberdinetan erabiltzen ditugun hitz askoek ez dutela itzulpen literalik ere: comboi Valentzian eta harreman Euskal Herrian kasu.

Tazebaez kooperatibaren nortasunaren parte handi bat da Euskara eta Euskal Herrian gure hizkuntzan jarduteko ez da aukera bat soilik, koherentziaz jokatzeko hautua baizik. Baina sentimentu honetaz haratago ere, identitate honek Euskal Herrian erreferente bihurtzea ahalbidetu digu hainbat arlotan. Eta argi dugu gaur egunean gure balio erantsi nagusietako bat dela.

Euskal Herriko egoeraz haratako, printzipio berak gidatu beharko gintuzke gure mugetatik kanpo ere: beste lurralde batzuetan, bertako hizkuntzak ulertzea eta errespetatzea dagokigu. Beraz, honek ez du esan nahi, edota gure ustez ez du zentzurik, beste herrialdetako lankideei euskara ikastea behartzeak, baizik eta hizkuntza aniztasuna elkarrenganako errespetutik eta elkar ulertzeko borondatetik eraikitzea.

Beraz, hasieran esan dugun moduan, enpresaren nazioartekotze bide honetan ere tokiko hizkuntzak dakizkien pertsonekin lan egitea ez da enpatia eta koheretziara soilik mugatu behar. Gurean gure hizkuntzak balio erantsia duela sinisten dugun moduan, kanpora goazenean ere horrela delakoan gaude eta hortaz, gure kooperatibak eskaini nahi duen balio erantsiaren estrategiaren parte izan behar da.

Etxeko kontuak nahikoa txukun ditugu, baina nazioarteko gure estrategia linguistikoan borondate gehiago dago bikaintasuna baino. Ez gaitezen ezkorrak izan, iparra argi daukagu eta bertara bidean egingo dugu lan!

 

TAZEBAEZ taldea