Elkarrekin pentsatu eta sortu
Orri zuriari aurre egitea ez da erraza izaten. Ezta emaitza intuitibo eta sinple baina baliagarrietara iristea ere. Are gutxiago gure sormen prozesuetan dugun egiteko modua hitzetan jartzea. Nola hezurmamitu proiektu bat? Nola sortzen ditugu bezeroaren benetako beharrei erantzuten dieten materialak?
Ai ama! Nola? Nola? Nola? Zenbat nola…
3 osagai, 10 urrats eta jarrera bat.
Denbora eskaini. Hori da gehien behar duguna. Denbora pentsatzeko, sortzeko eta… berriro birpentsatzeko. Diseinatzeko, hanka sartzeko eta berriz ere diseinatzeko. Beste era batera esanda, amets egiteko eta trebatzeko tartea behar dugu.
Bezeroarekin batera sortu. Hari entzun, elkarrekin pentsatu, ikuspuntuak partekatu eta galdera egokiak egin. Prozesuan zehar, bidea zuzentzeko, berregituratzeko eta ospatzeko guneak eraiki behar ditugu.
Lantalde anitzak. Begirada eta egiteko modu desberdinak, elkarren osagarri direnak; prozesua desafiatzen dutenak eta, azkenean, bat egiten duten bide berrietara garamatzatenak.

Baina, nola egin aurre arestian aipatutako guztiari? Jarrera kontua da.
Ez da gauza bera sortzea, egitea, pentsatzea, idaztea, amestea edo lur hartzea. Proiektu bakoitzak geure bertsio desberdin bat eskatzen digu, eta sorkuntzak berariazko espazioak behar ditu. Espazio horietan ikasteko prest egon behar gara (Koloreak, hitzak, formak, kontzeptuak). Mugarik gabe pentsatzeko eta zeure buruari mugarik gabe galdetzeko guneak. Aurrera egiteko, aurreiritziak apurtzeko eta zeure burua ezustekoan harrapatzeko. Zeurekin eta zure kideekin. Galdetu behin eta berriz: “Hau al zen behar genuena? Erabilgarria da?”. Itxaropenek mugatu egiten gaituzte; konektatu funtsezkoarekin.

Badakigu sormena askotan ez dela lineala, ezin dela prozesu bakar batera mugatu, edo nahi duenean (eta ahal duenean) datorrela. Zenbat eta gehiago entrenatu, orduan eta berezkoago izango da prozesua. Hemen jaso dugu funtzionatu dezakeen (edo ez) prozesu bat, baina probatzera animatzen zaitugu:
→ 2. Ikertu aukerak. Zenbat gauza egin ditzakegu erronkari erantzuteko? Aukera horietan murgiltzen gara.
→ 3. Irudikatu etorkizuneko egoerak: Irudimena funtsezkoa da hemen. Batzuetan, zerbait nolakoa izango den pentsatzeak eta bistaratzeak lagun diezazuke benetan behar duzuna hori den erabakitzen. Halaber, besteen esperientziak jasotzeak inspiratu egiten gaitu eta gure ideiak zalantzan jartzen laguntzen digu.
→ 4. Aukeratu bide pare bat. Ondo dago ideia edo aukera asko izatea; baina, erraza da horietan galtzea eta inoiz emaitzara ez iristea. Beraz, kimatu egin behar ditugu, eta aukerarik onenak hautatu, betiere eskuragarriak eta berritzaileak direla ziurtatuta.
→ 5. Bilatu erreferentziak. Erreferentziak edonon daude: pertsona batengan, objektu batean, elkarrizketa edo harreman batean. Erne egon behar dugu: une horrekin konektatu eta buruan duzun erronkarekin lotu.
→ 6. Lurreratu erronkari hobekien erantzuten dion ideia: Mahai gainean dituzun errealitateak batu, baztertu eta laburbildu. Eraldatu, birziklatu edo sortu balio-proposamen berri bat.
→ 7. Elkarbanatu proiektu taldearekin: Jarri zure proposamenak solaskideen aurrean; onartu deserosotasuna eta balioztatu ideiak. Taldearen parte hartzearekin proposamena hobetu.
→ 8. Garatu: Aztertu, ikertu, detektatu, sortu eta alderatu duzu. Eta, orain zer? Lotzea dagokizu. Egindako prozesu guztia harilkatuko duen azken proposamena ehundu, erronkari modu holistikoan erantzunez.
→ 9. Partekatu taldean: Entzun eta ikasi zure taldearengandik; istorio bera ikusteko eta kontatzeko beste modu batzuetatik.
→ 10. Egin, egin, egin. Akabo
Emaitza: intuitiboa eta sinplea, baina baliagarria.
TAZEBAEZ taldea




