tel:+34 944 00 41 45

Taze Blog-a

53028941495_d4c9e9f683_k

Langileen kooperatiba

Teoriatik harago

Langileen Kooperatibek berezko printzipio eta balioak dituzte oinarri:

→ kide izateko borondatea eta sentimentua,
→ erabakiak hartzeko prozesu demokratikoak,
→ kapitalaren kudeaketa alternatiboa,
→ autogestioa,
→ pertsonen garapena,
→ sarean lan egitea eta
→ tokian nahiz gizartean eragina izatea.

Hori egiturari dagokionez, baina, forma juridikotik eta estatutuek diotenetik harago, badira beste hainbeste alderdi, gehienak balioetan oinarritutakoak, kooperatiba baten eguneroko jarduna mamitzen dutenak. 

 

Gauzak horrela, kooperatiba baten martxa asko aldatzen da bazkide eta langile kopuruaren arabera —edozein enpresatan gertatzen den gisa. Zenbat eta pertsona gutxiago izan, orduan eta errazagoa da proiektuaren mezua eta xedea barneratzea. Horrek bidea errazten du erabakiak modu horizontal eta demokratikoan hartzeko, eta, hoberenean, kide guztiek proiektuaren norabidea bere egiteko, gorpuzteko.

Horregatik, estatutuetan jasotakoaz gain, ezinbestekoa zaigu kooperatibismoaren balioak eta helburuak egunerokoan txertatuta egotea. Kooperatiba bat estatutuetara mugatuta ulertzeak, testuingurua eta banakoen konpromisoa kontuan hartu gabe, “kooperatiba faltsu” batera eraman gaitzake: forma juridikoa tresna huts gisa erabiltzea, nahiz eta egunerokoan hori ez islatu.

“Teoriatik harago” joatea horixe da: kide bakoitzak proiektua berea dela sentitzea eta modu aktiboan parte hartzea. Era berean, egiturak berak bidelagun izan behar du kide bakoitzaren garapen pertsonalean eta beretzat baliotsuak diren helburuak lortzerakoan.

Proiektuarekiko inplikazio horrek, prozesu demokratiko bidezko eta arduratsua eraikitzen du. Horrek lehen mailako garrantzia du, pertsonak, haien beharrak eta proiektuaren lehentasunak, erdigunean jartzen dituen eredu batean. Egitura handietan (100 pertsonatik gora) botoa ematea entzuteko eta parte hartzeko bidea izan daitekeen arren, gogoratu behar dugu demokraziak eskaintzen duen baliabide bat baino ez dela, eta ez dela beti egokiena. Erakunde txiki edo ertainetan adibidez, elkarrizketa da gakoa: denei iritzi aukera ematea, betiere argudiatzeko eta entzuteko ardura pertsonaletik. Talde txikietan, bozketek sarritan ez baitie kideen benetako beharrei erantzuten.

Barne-prozesuez gain, kooperatibako balioek erantzukizun handiak dakartzate. Horiek ez dira beti estatutuetan agertzen, baina enpresa-eredu tradizionaletatik bereizten gaituen funtsezko egitura osatzen dute.

 

Pertsonen partehartzeaz gain, kooperatiben testuinguruak zeharo eragiten du honen garapen ekonomikoan, beste edozein enpresari gertatzen zaion bezala. Hala ere, hainbatetan demostratu da kontestu sozio-ekonomikoak okerrera egiten duenean, kooperatibak egitura erabat erresilientea duela.

Lan-mundua ahuldu zuen 2008ko krisian enpresa askok ateak itxi behar izan zituzten une gogorretara egokitzeko malgutasunik izan ez zutelako. Kooperatiben errealitatea, ordea, bestelakoa da: behin eta berriz erakutsi dugu krisiei aurre egiteko gaitasun handiagoa. Enpleguari eusteko konpromisoak eta modu naturalean laguntzeko gogoak ematen die negozioak dibertsifikatzeko edo lan-baldintzak malgutzeko indarra, kideek ardura handiagoak hartzen baitituzte. Gainera, kooperatibak langileenak direnez, zaila da erabaki-zentroak lurraldetik kanpora ateratzea. 

Horiek horrela, jakina da da kooperatibek modu naturalagoan erantzuten dietela gizarteko eta lurraldeko beharrei, horiei errotuago egonagatik. Azken finean, hori da gure ADNan dagoena.

Laburbilduz, Kooperatiba izatea ez da helburu bat. Beste modu batera bizi eta lan egiteko nahitik datorren ondorio natural sendoa baizik. Egitura juridikoa bide bat da, eredu sozialago batera igarotzeko ibilgailua, baina inoiz ez azken helmuga. Beraz, langileen kooperatibak, paperez harago, bitarteko gisa aldarrikatu behar ditugu, non lan egitura pertsonen, lurraldearen eta eguneroko beharretatik gertuago dagoen. Hori baita eraldaketa sozialaren zerbitzura dagoen tresna bat.

TAZEBAEZ taldea